XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bedayo'ko berriketatzaz

Azkarate'ko jaietara joan dan igandean ginjoazela sagardotegiko aurretik pasatzerakon, ango musika soñua entzunda eta ainbeste señorito guardizibillen artean erderaz itzegiten ikusita arrituta gelditu giñan.

¿Zer ote zan? Tolosan bizi diran tradizionalista batzuek ballara ontan, billera zutela esan ziraten.

Ta alaxen izan.

Antxen azaldu zan beintzat Tolosa'ko alkate Axurtxa, pabo erreala zirudiela, esponja baño arrogo egin da politikero saltzero ta baztar naspillatzallen artean ta Bedayo'tar guztioi ziarkako begiratu zorrotzak egiñaz guztiok poltxilluan sartu biar giñuzen bezela, ango jaun dajabe zala adieraziaz.

¿Baña zer uste dezute, zuen politika zital ta petralakin, zuen gezur ta gorrotoakin gaurko Bedayotarrok engañatuko gaituzuela edo zer?.

Zuek bakarrik eta kontrariok gabe, zuena beste periodikuak besterik etzan garai ayetan bezela bizi zeratela zinistuta bazaute, oker zaute.

Orduan bezela guztioi goitik beera barkazioko begiratu batekin begiratuaz eta zuen baimenik gabe ezer egiterik ez bagenduke bezela artutzen gaituzue.

Bañan gaur ez dago lengo konturik Axurtxa.

Denbora ayek joan ziran eta zuk eta zure lagun politikoak ez dezute nai dezutenok gurekin egingo.

Bedayotarrak Jaunari eskerrak ez gaude zuek uste bezin kaiku ta gizajoak.

Zuen gezur ta saltsakin aspertuak dauzkazue zarrak, eta gazteak geranok, eskuartean zer darabilkigun dakigunak gera, eta zuen esan txatxu eta ergelai batere kasorik egin gabe aurrera segituko degu.

Juan dan gerrate karlistan gure aita ta aitonak errege estranjero baten atzetik, nastu ta zoratuta, mendietara anai anai arteko odol ixurtzera emanari zituzuten.

Gaur ez dezute guretako bakar bat ere ortaratuko.

Egin zazue prueba bat.

Yo arazi zazue kornetiña ta ia zenbat baserritarrek segitzen dizuen atzetik.

Laixter geldituko ziñateke zu eta zu bezela oojalatero sarjentotik gorako batzuekin bakarrik, eta zeok ere urrengo egunetik, katarrua, estula, edo tripako miña dezutela ta, laixter ziñateke ostera etxe zulo aldera dagoana dagoenean; or konpon esanda, guztia utzita.

Zuen oraingo erronkak eta desapiyuak ortantxe geldituko lirake.

Ez bada uste guk Bedayotarrak orren atzeratuak bizi geranik.

Atzeneko urte oyetan itzaldi ta mitin asko entzun ditugu, ta beranduegi gogoratu zerate tradizionalistak guretzaz.

Guretako asko Eusko Nekazaritan eta baita kalean lana egiten degun baserritarrok Eusko langilletan sartuak gaude, eta zu bezelako lege gizonak izan ez arren, zuk bezin ongi dakizkigu zeren arteko eskubideak, ta baita zeren egin bear ta gañerako bete bearrak ere.

Eta zuek nagusia autan artuta, gure nagusia onegia dalako, arren izenean gu Bedayotarrok menderatu nayean zabiltzaten politikero ziztrin bazter nastutzalleak, jakin biar dezute, nekazari ta maixtar geranak jakiñan gañean gaudela Aita Santuk katoliko nagusiei, maixtarren arteko gora beretzaz esanda dauzkan aginduetzat.

Ta gure nagusia, Tolosan bizi arren, gure berri badaki, ta katoliko ta euskaldun ona dan aldetik uste osoan gaude, maixtar eta etxe jabetze gai oyetan Aita Santu ta Elizako gizon jakintsuak diotena betetzeko ez digula, zuk naiko zenduken añako eragozpen eta galarmenik jarriko.

Guri ez digute nazionalistak beñere esan, indarrez, itxura gabe ta nagusiaren borondatearen kontra gure jayotetxeen jabe egiteko.

Ori, zuen gezur aundi ta biribil bat besterik ez da.

Guri esan digutena auxe besterik ez da, Axurtxa, ta au ondo entzun: Aita Santuak dion bezela langilleak eta maixtarrak ondo bizitzeko añako jornal saria biar dubela bera ta bere familiyentzako, eta maixtarrak berak bizi diran etxe baserriyak jabe izateko aldiran errextazunak nagusiaren aldetik jartzeko, guztiok poliki poliki geren etxe bizitzaren jabe egin gaitezen, zeorrek zeratzeko naiko zendukean bezelaxe.

Ortarako 15 edo 20 bat urte barru, etxe errentarekin batian beste zerbait erantzita urtero nagusiari ordainduaz bañan ez gogorrian, indarrez ta desapiyoka, baizik katoliko onak eta benetakoak bezela lagun urkoari lagunduaz.

Au da, eta ez besterik, nazionalistak beren itzaldi ta mitiñetan argi ta garbi denon aurrean esan digutena, eta guk jakiterik nai ez dezutena.

Eta ortarako ez digute nazionalista oyek beren diruak, ezta ere besterenak eskañi, baizik gure begien aurrean jarri dizkigute ori irixteko egin litezkean, Kaja de Ahorros'en bitartez nekazariai lagunduaz, Kaja oyetako diruak geyenak nekazariak jarriak diralako eta gipuzkoarren onerako zabaldu biar diralako.

Eta guri begiak irikitzen, gorrotorik gabe, maitetasunez beterik ibilli zaizkigun gizon prestu ta leyal oyengatik, zuk zertarako orren gaixki itzegin dezu?.

Zu añako gizonak ez ote dira bada oyek?.

Ta zu zein zera Labayen'engatik aditu zeran bezela aritzeko berriketan?.

Zuri, eta sure antzeko lagunei, nork eman dizue eskubidea, lagun aurkoaren katolikotasuna neurtzeko eta zuenetakoa ez dan guztiei mallak jartzeko?.

¡Ipokrita alenak!.

Urrengo egunen batian (J. L.) jarraitu diyogu, gai oneri.

Eusko langille bat.